XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

4.9. Bortzerrieta-ko nafarrera garaia Nafarroako Ipar-Mendebaldeko eskualdean mintzatua den euskarak (Berá, Igántzi, Arántza, Lesáka eta Etxalár), jakina denez, oso azentu berezia du ingurukoen ustez.

Eta, hori dela bide, leku eta izendapen berezia (tipo IV) eman dizkio Mitxelenak bere sailkapenean, gorago ere esana izan denez.

Irún eta Hondárribi herrietan, antzeko euskara mota erabiltzen da: Bortzerrietakoa bera ez izanik ere, multzo berean sar daitezke denok, Bonapartek egin zuen bezala (N.4.9.0).

Badaukagu azpi-euskalki honi buruz deskribapen fidagarri bat: Donostia-ko Julio de Urquijo Mintegiak 1964-an argitara zuen ikerlana, El idioma vasco hablado, Nils Holmer-ena.

Geure izkribu honetan, lan hori hartu dugu gidari nagusi; inoiz lanen bat erantsi nahi bagenuke ere.

Kontutan hartu ditugu, era berean, Hondarribian eta Irunen, hurrenkera horretan, Maite Rada-k eta Arantza Moñus-ek bildutako zerrenda magnetofonikoak (Holmer-en baiestaile, oro har).

Orain dela gutxi hildako Fernando Artola Bordariren hitzaldi bat ere erabili dugu (bera sortzez hondarribitarra; eta hitzaldi hori azentu diakritikoz datorrelarik).

Euskaltzaindiak argitara zuen behinola (Euskera, 1981,1,294-303).

Ohar bat egin behar zaio irakurleari: bai Hondarribian, bai areago Orereta-Errenderian, oso nabarmen agertzen direla gipuzkeraren azentu-interferentziak; Holmer-en beraren corpus-eko bikote hauetan ikus daitekeenez: óbe, Hond./ obé, Aran.; jénde, Hond./ yendé, Aran.; íru, Hond./ irú, Aran..

(Jakina: íru eta óbe horiek nafarrera behereak ere izan litezke; eta jénde markatua izaten da).

Zalantzazko kasuetan, horretara, Arántza-ko testuak edo transkribapenak jarraituko ditugu; nahiz, zoritxarrez, urriak izan.

Beroiek baitira euskara-mota honen adigarririk hoberenak.

Hondárribiko hizkera, geografi arrazoiengatik, gipuzkeraren eta Bortzerrietakoaren artekoa da batzutan.

4.9.1. Izen eta aditzezko unitateen deskribapenean barrena abiatu baino lehenago, aipa dezagun hau oso bereziki (beste euskalkitan bezala): Bortzerrietako hizkeran ere badagoela oihartzunezko azentu delako hori; eta txandakako silabatan, horretara, azentu bigarrenkaria ager daitekeela, eta agertu ere egiten dela.

Holmer-ek berak egin zuen ohar hori: .